Logroñes taldean jokatuko du, 2023ra arte, Aitor Arregik (Bergara, 1990). Arregik lau denboraldi egin ditu Amorebietan, eta talde bizkaitarraren kategoria igoera bertatik bertara bizi izan du. Gainera, aurtengo denboraldian protagonismoa izaten zebilen atzeko lerroan, guztira 15 partidu jokatu ditu-eta titular modura.
Amorebietak, baina, bigarren itzulira begira taldea indartzeko maila oneko hainbat fitxaketa egin ditu, eta besteak beste defentsako lerroa indartu gura izan dute. Tartean Logroñesen jokatzen zebilen Andoni Lopez ezker hegaleko jokalaria fitxatu dute Amorebietakoek. Eta hain zuzen, bi klub horiek kromo aldaketa egin dute; Arregik aukera polita ikusi du Logroñes taldean, eta beste horrenbeste egin du Lopezek Amorebietan.
Amorebietan jokatzen ibiltzearekin batera Bergarako gazte mailako taldean entrenatzaile lanetan zebilen bergararra, eta aurrerantzean ezingo du ardura horrekin jarraitu. Etxeko klubetik egindako lana eskertu diote, eta zorte onena opa diote.