1.101 ustiategitatik ekarritako animalietatik 1.635.203 kilogramo kanaleko ekoiztu ziren 2021ean Zubillagako hiltegian, ia herena (603.271 kg/kanal) Eusko Label zigiluarekin. Aurreko urtearekin alderatuta, %13ko hazkundea izan zuen ekoizpenak, eta %20koa, aldiz, zerbitzua eskaini zaien ustiategi kopuruak. "Laudioko hiltegiaren itxieraren ondorioz, Bizkaiko eta Arabako bezeroen gorakada izan da", adierazi dute ohar bidez Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuakeko arduradunek.
Bezero gehiagori "kalitatezko zerbitzua" eskaintzea logistikoki erronka "garrantzitsua" izan zela aitortu arren, fakturazioan eragin zuzena izan zuen bezeroen gorakadak: %25ean hazi zen 2021ean. Oro har, urteko balantzea "positiboa" izen zela adierazi dute arduradunek.
Barrura begira
Kanpo adierazleen aldaketak ez dira izan, baina, abelgorriak, zaldiak eta ardiak hiltzen eta zatitzen dituen Zubillagako enpresaren berrikuntza bakarrak. Ohar bidez adierazi dutenez, "egonkortze" urtea izan zen igarotakoa; 25 laguneko lan-taldea mantentzeaz gain, harrera, bulego eta aldagela berriak estreinatu zituzten.