Ezohiko ordutegian jokatu dute Agorrosingo lehia, 12:00etan hasita, eta, derbia izanik, aparteko giroa sortu da harmailetan. Bi taldeak, nola ez, gogotsu zelairatu dira eta jokaldi bakoitza intentsitate osoz borrokatu dute. Lehen zatia oso orekatua izan da, gol aukerak ate batean zein bestean egon dira-eta, baina inork ez du lortu baloia sareratzerik.
Bigarren zatian ere erritmo bera izan du norgehiagokak. Bi taldeak taktikoki ondo jarrita zelaian, eta defentsa sendoa erakutsiz. Edozelan ere, atzealdean egindako akats batzuen ondorioz, markagailuan aurreratzeko aukera izan dute etxekoek zein kanpokoek, baina ezin golik sartu.
Falta jaurtiketa batean, UDAk aukera paregabea izan du 1-0ekoa ezartzeko, baina Paul Gortazar atezainak sekulako gelditua egin du, baloia kornerrera bidaliz.
Ostean, partiduaren azken arnasean, bergararrek beste erritmo bat ezarri diote partiduari eta hiru puntuak etxean geratzeko merituak ere egin dituzte. Hala, minutu horietan, etxekoek izan dute partiduko aukera garbiena, lehenik baloia langara bidaliz eta, hortik gutxira, jaurtiketa bat langatik gertu kanpora botaz (beheko argazkian ikusten den jokaldian).
Azkenean, hasi den moduan bukatu da partidua, gol barik, eta bi taldeek berdinketari balio handia eman diote. Izan ere, irabazi ezin denean, berdinketa ontzat eman behar izaten da.
Aloñak eta Leintz Arizmendik irabazi; Mondrak berdindu
Kategoria berean, Gizonezkoen Erregional Ohorezko Mailan, Aloña Mendik garaipen garrantzitsua eskuratu du Azkoagainen Real Unionen aurka (1-0) eta sailkapeneko postu arriskutsuetatik aldendu dira oñatiarrak. Mondrak, berriz, ezin izan du Amaikak Bat garaitu eta puntu bakarra ekarri du Debatik Arrasatera (1-1).
Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan, berriz, Leintz Arizmendik 3-0 menderatu du Touring eta laugarren postuan sendo jarraitzen du.