2022ko apirilaren 10eko lasterketak duela bi urtekoaren antza badu, Mondraitzekoak pozik geratuko dira. Irteera eta helmuga Arrasateko plazan egin ahal izatea, korrikalariek kaleetan ikusleen berotasuna sumatzea, Udalatxen eta Besaiden animo oihuak entzutea... Zertarako gehiago. Izan ere, oraindik ez dago aurreikusterik hiru hilabete barru zein izango den pandemiaren egoera, eta antolatzaileek garbi daukate momentuko egoerara egokitutako lasterketa antolatuko dutela.
2020koek lehentasuna dute
Hartu duten lehen erabakietako bat izan da izen-emateak zabaltzeko orduan 2020an izena eman zutenek lehentasuna izango dutela. Hala, atzo, eguena, ireki zuten izen-emate epe hori, eta ikusteko dago bi urteko tartearen ondoren zenbat diren ostera ere lasterketa egitera animatzen direnak. Korrikalari horiek domekara arte –hilak 30– izango dute izena emateko aukera kronoak.eus atarian (25 euro), eta, 350 dortsaleko kopurura iristen ez badira, alegia, dortsalak hutsik geratzen badira, otsailaren 3an ostera ere zabalduko dute izen-emate prozesua –prezio berberarekin–, baina, orduan, denendako zabalik. Eta hor, izena ematen duten guztien artean zozketa bidez banatuko dituzte dortsalak.