Bergarak eta Aretxabaletak, Agorrosinen, iazko ekainean jokatu zuten azkenekoz. Orduan, Jose Javier Barkero zegoen mahoneroen aulkian, eta Mikel Larburu zen Aretxabaletako entrenatzailea. Bi taldeek Hirugarren Mailara igotzeko playoff-erako sailkatzea zuten jokoan, eta aretxabaletarrendako izan zen garaipena (2-3). Bistan da bietako batek ere ez zuela gero gora egin, baina aretxabaletarrek oroitzapen ona gordeko dute.
Ikusteko dago zapatu eguerdian jokatuko duten partiduan (12:00) hori aldatzen den edo ez. Aretxabaletarrak (30 puntu) ondo daude sailkapenean, baina aste hauetan nahi baino gehiago barkatu dute. Bergara (24), berriz, atzetik aurrera dator nabarmen, azken lau partiduetatik hiru irabazi eta bat berdinduta. Aloña Mendiko (19) mutilek, aldiz, sailkapenaren erdian dagoen Real Unionen bisita izango dute Azkoagainen (16:30), eta 2022ko lehen garaipena lortu nahi dute lehenbailehen. Laugarren dagoen Mondrak (31), berriz, Deban jokatuko du bihar.
Emakumezko bi taldeak ere etxean
Hamabigarren postuan dagoen Bergarak kontrario zaila izango du aurrean, Lesakako Beti Gazte hirugarren postuan dago eta (zapatua, 16:15, Ipintza). Leintz Arizmendiko neskak laugarren daude; eurek ez dute horren kontrario gogorra izango, Touring sailkapenaren azken postuan dago eta (zapatua, 13:00, Mojategi).