Sei saritu izango dira aurten, eta, zuzenean edo zeharka, hirutan bailarak presentzia izango du; zehazki, Luis Ugalde jesuita bergararra, Izaskun Arriaran aramaioarra presidente den Aita Mari erreskate-ontzia eta Mondragon Unibertsitatearen gastronomia fakultate den Basque Culinary Center izango dira sarituetako hiru.
65 urtez Venezuelan lanean
Oraindik Caracasen, baina Bergararako bide ekitear dela, saria "pozarren" jasoko duela azaldu dio GOIENAri Luis Ugaldek: "Duela 65 urte Venezuelara etorri nintzenetik, harrera ezin hobea egin eta pozik bizi naiz hemen. Herrialde honen arazoekin identifikatu naiz hasieratik eta herritar guztien oinarrizko eskubideen alde lan egiten dut. Sari hau jasota, moduren batean, nire sustraietara bueltan nato- rrela sentitzen dut. Nire lanarekin jarraitzeko indarra ematen dit aitortza honek".
"Ekintzaile sozial eta erreferente moral zein politiko" izateagatik sarituko du Sabino Arana Fundazioak jesuita bergararra: "Erregimen venezuela- rraren bidegabekeriak salatzen aritu den ahotsetako bat da".
Boluntarioei eskertze mezua
Izaskun Arriaran aramaioarra presidente den Aita Mari erreskate-ontziaz, berriz, "giza eskubideen alde egiten duen borroka nekaezina" azpimarratu dute Fundazioko arduradunek. "Eredu" gisa definitu dute gobernuz kanpoko erakunde euskaldunak egiten duen lana.
Libiako uretan da une honetan Aita Mari ontzia, eta han dago Arriaran ere. Ez da sari banaketan egongo domekan, baina boluntario guztiei egin- dako lana eskertu nahi izan die: "Ohore izugarria da halako saria jasotzea, baina hau ez litzateke posible gurekin lan egiten duten boluntario guztien laguntzarik gabe. Beraiei eskaini nahi diegu saria".
"Nazioarteko erreferente"
Basque Culinary Centerri dagokionez, hamar urtean "nazioarte mailan erreferente" bihurtu izana azpimarratu du Fundazioak, eta "hezkuntzan, berrikuntzan, ikerketan eta promozio gastronomikoan" egiten duen lana goraipatu