Atzo aurkeztu zen Gasteizko Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren egoitzan Euspot euskarazko spot lehiaketaren hamaikagarren edizioa. Hain zuzen, kooperatiben kontseilua bera izango da aurtengo babesle nagusia, eta kooperatibismoa izango da parte hartzaileek ikus-entzunezko bidez landu beharko duten gaia: Zergatik lan egin kooperatiba batean?
Aretxabaletako Udalak, Arteman Komunikazioak, Mondragon Unibertsitateak eta Arizmendi Ikastolak antolatu dute Euskal Herrian euskara, sormena eta publizitatea uztartzen dituen lehiaketa "aitzindaria"; hots, 2001ean egin zen lehen edizioa, eta geroztik, "erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen". Datu gisa, orain arteko hamar edizioetan "500 spot inguru" jaso izan dira, antolakuntza taldearen hitzetan.
Oinarriak
Kooperatibismoa gazteei gerturatzeko ahaleginean, parte-hartzaileek gehienez 30 segundoko iraupena duten lanak sortu ahal izango dituzte, formatu muga gabe; hau da, horizontalean zein bertikalean grabatutako ikus-entzunezkoak onartuko ditu epaimahaiak. Atzotik hasita, maiatzaren 19ra arte egongo da lanak aurkezteko aukera. Oinarri eta jarraibide guztiak lehiaketaren webgunean xehatzen dira.
Sei sari
Hamaikagarren edizio honetan sei iragarki sarituko dira.
- Spotik onena: 1.000€
- Publikoaren saria: 500€
- Gazteen saria (14-18 urte): 500€
- Musika sinkronizazio onenaren saria: 300€
- MUko ikasleen spotik onena: 500€
- Arizmendiko ikasleen spotik onena: 250€