Derbiarekin eman diote hasiera bigarren itzuliari ohorezko erregional mailako bi taldeek. Garaipenaren bila joan dira, baina berdinketarekin konforme ziren txantxikuak partida amaieran. Ez horrela aretxabaletarrak. Uste osoa dute gehiago merezi zutela, eta egia esan gol aukera gehiago sortu dituzte. Bigarren zatian, gainera, bi aldiz jo dute zutoia.
Norgehiagoka hasi aurretik pankarta bat zabaldu dute UDAko jokalariek. Erortzean berriro jaikiz... egurra Julen zioen eta lesionatuta dagoen Julen Zaitegirendako mezua zen. Bertan zen jokalaria eta hura ere, hunkituta, argazkirako jarri da. Urte hasieran hautsi zuen belauna arrasatearrak, gaztetan ere lesio antzerakoa izan zuen beste hankan, baina ondo errekuperatuta futboleko azken urteez gozatzen zebilen Zaite.
Behin norgehiagoka hasita lehiatua izan da lehenengo zatia, baina golik gabekoa. Lau bat jaurtiketa arriskutsu egin ditu UDAk eta beste hainbeste Aloñak, baina emaitzarik lortu gabe.
Bigarren zatian gora egin du jokoaren intentsitate mailak, eta horrekin batera etorri dira gol aukera gehiago.
50. minutuan gol aukera polita izan du UDAk. Geldialdi batean baloiak ihes egin dio Aloñako atezainari eta Danel Uribesalgok berriz jaurti du atera, baina zutoina jo du.
Ez da UDAk zutoina jo duen aldi bakarra. 67. minutuan aipamena merezi duen beste jokaldi bat egon da. Birritan jaurti dute baloia atera Aretxabaletakoek. Azkenengoan, zutoiak gelditu du.
Oñatiarrak ez dira gora begira egon, eta 73. minutuan lortu dute lehenengo gola. Ander Bikuñak egin du Gaizka Zelaiaren pase bat aprobetxatuz. Markel Zubizarretak gauzatu du Unanueren asistentzia bati esker. Area barrutik egindako jaurtiketa sareetara joan da.
Borrokatuak izan dira azken minutuak. UDAk garaipena nahi zuen hala edo nola, baina Aloñak ondo eutsi dio eta berdinketarekin amaitzea lortu du.