Mondrate 2-3 nagusi, Eskoriatzaren kontra jokatutako derbian

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko urt. 22a, 21:42

Lehia estua aurreikusten zuten bi taldeetako kideek eta horrela izan da. Areto futboleko bi taldeek lehenengo aldiz jokatu dute elkarren kontra maila nazionalean. Eskoriatza jarri da aurretik hasieran, baina markagailuari buelta emateko gai izan dira arrasatearrak.

Intentsua bezain gogorra izan da Eskoriatzak eta Mondratek Manuel Muñoz kiroldegian gaur jokatu duten norgehiagoka. Pandemia tarteko publikorik gabe jokatu dute, gainera.

Mondratek eraman ditu jokoan zeuden hiru puntuak. Ez dira, ordea, markagailuan aurretik joan denbora guztian. Eskoriatzak sartu du norgehiagokako lehen gola. Jon Ugartek egin du lehen zatian. Atsedenetik bueltan intentsitateak gora egin du eta bigarren gola ere etxekoek egin dute. Aratz Kortazarrek sartu du bigarren zatiko 8. minutuan. 

Orduan hasi da emaitzak ematen Arrasatekoen ahalegina. Iker Uribesalgok egin du lehenengo gola. Bigarren zatiko 12. minutuan izan da. Biko berdinketa eskoriatzarrek beraien atean egindako gola izan da. Bi eta hirukoa Mikel Elizaranek egin du bigarren zatiko 15. minutuan. Eskoriatzakoen seigarren faltarengatik penalti bikoitza izan da Arrasatekoen alde, eta sartu egin du Elizaranek.

Lehenengo aldia da bi taldeak maila nazionaleko partida jokatzen dutela eta lehenengo aldia izan da Mondratek Eskoriatzari irabazten diola txapelketako norgehiagoka bat. Nola ez, pozik ziren arrasatearrak. Triste eskoriatzarrak, baina laster emango diote buelta. Sailkapenean Arrasatekoen aurretik jarraitzen dute eta igoera faseko postuetan. 

Astelehenekoa Harmailatik saioan kronika zabalagoa izango da ikusgai, eta horrekin batera talde bietako bina protagonistaren adierazpenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak