Independentziarako indarra leloarekin egin du Sortuk kongresua ixteko ekitaldia, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. "Guztia irabazi daitekeen anbizioarekin eta bokazio argi batekin jokatzen dugu: botere bokazio eta estrategiarekin; gu ez ginen jaio konfort eremu batean gotortzeko, gu irabazteko jaio ginen, boterea metatu eta irabazteko", adierazi du Rodriguezek.
Alderdi subiranistak nabarmendu du hainbat belaunaldi ordezkatzen dituen zuzendaritza izango dela berria, baita herrialdeen arteko oreka zaindu eta Plan Feministan jasotakoa beteko duena ere, 30 lagunetik hamalau emakumeak baitira.
Eta, "sozialismoa" helburu, hurrengo bost urteetan "eraldaketa sozial eta politikoa" bultzatzea xede izango duen zuzendaritzan izango dira, esan bezala, bi debagoiendar. Horrela aurkeztu ditu Sortuk:
- Amaia Etxabe Goikoetxea (Arrasate, 1988). Gaztetatik, ezker abertzalean militatzen. Herri mugimenduko hainbat eragiletan parte hartu du eta egun Bilgune Feministako kide ere bada. Ikasketaz, ingeniaria, eta irakaslea. Hezkuntzaren eremuan murgilduta dago.
- Ibai Redondo Beitia (Bergara, 1981). Oso gaztetatik, euskalgintzan eta hezkuntza mugimenduan konprometitua: EHE, Ikasle Abertzaleak, Euskal Herriak Bere Eskola, AEK, Aztiker, Euskararen Topagunea, Sortzen eta LAB bezalako erakundeetan jardun du, besteak beste. Euskal Filologian lizentziatua.