Eskoriatzak eta Mondratek lehenago ere jokatu izan dute elkarren kontra, baina inoiz ez maila nazionalean. Eta zapatuan (18:30), gutxi batzuk izango dira horren testigu, Manuel Muñoz kiroldegiaren ateak, pandemia tarteko, itxita egongo dira-eta publikoarendako. Halaxe erabaki du klubak. Hala, Eskoriatza Kirol Elkarteak Youtube bidez eskainiko du partidua, eta Goiena telebistako kamerak ere bertan izango dira, astelehenean Harmailatik saioan zabal landuko da-eta partiduak emandakoa.
Aurreratu moduan, 2018-2019 denboraldian Aretxabaleta, Mondrate eta Eskoriatza Euskadiko Txapelketan izan zirenean, elkarren arteko partiduak intentsitate handiz bizi izan zituzten. Esaterako, Eskoriatzan oraindik gogoan dute Euskal Kopan Mondrate 0-3 aurreratu zenekoa, ondoren Eskoriatzak 4-3 irabazi zuen eta. Edo 2019ko Aratuste-zapatuan Musakolan jokatu zuten derbia; ikuskizuna orduan kantxan baino gehiago harmailetan egon zen. Bihar ez da halakorik izango.
Bi taldeak oso ondo dabiltza
Zapatuko norgehiagokara etorrita, bi taldeak bikain dabiltza ligan. Hirugarren postuan dago Eskoriatza (31) eta laugarrena da Mondrate (26). Eskoriatzarrei Gabonetako geldialdiak ez die mesederik egin, tartean positiboak ere izan dituzte eta ez dira nahi moduan entrenatu. Hala ere, azken sei partiduetatik bost irabazi egin dituzte; hain zuzen, Tolosakoen kontra galdu zuten partidua izan zen publiko barik jokatu zuten lehenengoa. Mondratek, berriz, joan den astean zazpi gol egin zizkion Elorriori, eta etxetik kanpora, talde indartsuen kontra, bi partidu berdindu berri ditu.