Aretxabaletak (29 puntu) eta Aloña Mendik (18) derbia jokatuko dute domekan (16:30, Ibarra). Joanekoan, Calzonen mutilek 1-2 irabazi zuten, eta domekan errebantxa bila joango dira txantxikuak.
Oso ondo dabil Aretxabaleta, laugarren postuan sailkapenean; oñatiarrei, berriz, kontrako eztarritik sartu zaie 2022 hasiera hau, jokatu dituzten bi partiduak galdu egin dituzte eta. Etxean jokatuko duen beste ordezkaria Mondra izango da (28), bosgarren ligan, eta arrasatearrek orain arte partidurik galdu ez duen Elgoibar (35) izango dute aurrean (zapatua, 16:30) –Ikus 20. orria–. Bergarak (21), azkenik, irabazi beharreko partidu horietako bat izango du Allerruren (16) kontra (zapatua, 16:30). Baina esatea egitea baino errazagoa da. Dena dela, lezotarrak etxetik kanpora ari dira etxean baino puntu gehiago batzen.
Leintz Arizmendik, etxean
Emakumezkoen ohorezko erregional mailan, berriz, Leintz Arizmendik (31) etxean jokatuko du. Debagoiendarrak hirugarren daude sailkapenean, eta bigarren postuan dagoen Oiartzun (34) hartuko dute domekan (17:00) Mojategin. Oilarren arteko lehia, horrenbestez. Bergara (14), berriz, taularen erdi inguruan dago, hamargarren postuan, eta seigarren dagoen Hernaniren (26) zelaian jokatuko dute zapatuan (16:00).