Mugarri Ingouren eta Corazonistasen arteko partidua bertan behera utzi dute. Arrasateko taldeko arduradunak Federazioaren azken ordukoaren zain egon dira, eta egubakoitz arratsaldean iritsi da albistea, atzeratu egingo dute. "Berez, zapatuan 17:00etan dugu partidua, baina, joan den astean gertatu moduan, oraingo astean ere koronabirus kasuak izan dira tartean eta azken erabakiaren zain gaude", adierazi dio GOIENAri Ane Herrerok berria jakin aurretik. Bada, Arrasateko entrenatzaileak baieztatu berri du partidua bertan behera geratuko da.
Hain zuzen, azken asteotan koronabirusa talde guztien kontrario nagusi bilakatu da, positiboak han eta hemen izan dira eta. Eta Mugarri Ingouri jaitsiera fasea hasi berritan eragin dio pandemiak. Joan den astean atzeratutako partidua urtarrilaren 29an jokatuko dute, baina zapatukoa aste barruan jokatu beharko dute: "Fase gogorra izango da, multzo gogorra tokatu zaigulako. Baina taldea aste barruan oso ondo ari da entrenatzen, motibatuta gaude, eta ea ondoren lan hori kantxara eramateko kapaz garen".