Oier Azkunaga: "Intentsitatera egokitzea izango da lehen pausoa"

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urt. 21a, 17:07

Oier Azkunaga, Lauburu-Ibarra taldeko kamisetarekin. Argazkia: Lauburu-Ibarra

Bigarren B mailako Lauburu-Ibarra taldeak fitxatu du jokalari aretxabaletarra. Lesio bat pasa berri, jokatu egin nahi du, eta erronka berriarekin ilusionatuta dago.

20 urteko gaztea bada ere, ibilbide oparoa izan du azken urteetan Oier Azkunaga aretxabaletarrak areto futbolean. Eskoriatza Kirol Elkartean areto futboleko eskolan aritu ostean, Aretxabaletako UDA klubera joan zen futbolean jokatzera, eta gero, berriz Eskoriatzara bueltatu zen. Bertan, kategoriaz kategoria igo da mailaz, kadeteetatik lehen taldera iritsi arte. Hala, maila nazionalean egin zuen iazko denboraldia Azku-nagak, eta orain, bigarren B mailan jokatzeko ateak ireki dizkiote. Etapa berria ilusioz hasita, ikastea da bere helburua, eta kategoria honetako intentsitatera ohitzea dela lehenengo pausoa adierazi du.

Lauburu-Ibarra taldeak fitxatu zaitu. Aukera aparta kategoria berri bat probatzeko, ezta?

Iazko denboraldia amaitu zenean, udan, Lauburu-Ibarra taldeko entrenatzailea nirekin jarri zen harremanetan Eskoriatza Kirol Elkartekoekin hitz egin ondoren, eta proposamenari ezin nion ezetzik esan. Eskoriatza maila nazionalean ari da, kategoria bikaina da, baina gogoa nuen bigarren B mailan jokatzeko, eta argi nuen erabakia. Hala ere, Eskoriatzako taldea uzteak pena pixka bat eman dit.

Etapa berria hasi berri duzu, baina lesio gogor batetik zatoz. Dagoeneko errekuperatuta?

Iaz, maiatzean lesionatu nintzen partidu batean jaurtiketa bat egiten ari nintzela. Aurreko zuzena koadrizepsa hautsi nuen, eta handicap horrekin Lauburu taldean hasi, eta gutxira, abuztuaren 14an, berriz hautsi nuen tendoia, eta gaur arte. Entrenatzen aritu naiz, errekuperatzen, eta minutuak jokatzeko gertu nago. Hori da lehenengo pausoa, maila honetako intentsitatera egokitzea. Gero, maila honetaz disfrutatu nahiko nuke; hala ere, kontuz, berriz ez dut lesionatu nahi eta.

Joan den hasteko deialdian izan zinen, baina ez zenuen partidua jokatu. Asteburu honetan izango dituzu minutuak?

Denboraldiko bigarren buelta hasi berri da, eta, hasieran, mailara eta taldera egokitzea da asmoa. Zapatuan, Bastida taldearen aurka dugu, aurten mailaz igo den taldea. Beraz, aukera aparta da neure burua probatzeko, eta gustatuko litzaidake jokatzea, baina hori entrenatzailearen erabakia da.

"Sailkapeneko goiko postuengatik borrokan aritzen den talde sendoa da Lauburu-Ibarra"

Eta nolakoa da Lauburu taldea?

Bigarren B mailan urte asko daramatzan taldea da, eta ia denboraldi guztietan ari da goiko postuengatik borrokan. Bigarren mailara igotzeko play-off-a ere jokatu izan du, eta helburu horri eutsiz proiektu berria abiatu du. Izan ere, zenbait jokalarik taldea utzi dute, eta uste dut talde sendoa osatu dutela. Nire kasuan, euskal selekziotik ezagutzen ditut hainbat jokalari, eta horrek nire alde egiten du; ea taldera ondo egokitzen naizen eta klubak dituen helburuak lortzen ditugun.

Eskoriatza Kirol Elkarteak eman zuen zure fitxaketaren berri sare sozialen bitartez. Hitz ederrak es-kaini zizkizuten, eta hori poztekoa da, ezta?

Eskerrak eman zizkidaten urte hauetan taldean egindako lanarengatik. Zorterik onena opa didatela zioen mezuak, besteak beste, eta, beste talde batean jokatuko dudan arren, nire erronka berriarekin pozik daude. Eskertzeko mezua, duda barik.

Eskoriatza taldea, beraz, presente izango duzu?

Hirugarren mailako goiko postuetan daude play-off-etan sartuta. Ea kategoriaz igotzen diren eta bigarren B mailan elkarren aurka jokatzeko aukera izaten dugun, gustatuko litzaidake. Horrez gain, lagunak ditut Eskoriatzan eta ateak irekita izango ditudala esan didate; beraz, etorkizunean ez dut baztertzen Eskoriatzara bueltatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak