Uztailaren 2an Aramaiotik sartuko da Frantziako Tourreko bigarren etapa (2023koa) Debagoienera, eta ziklistek Donostiarako bidea hartuko dute, baina antolatzaileek oraindik ez dituzte xehetasun gehiago eman. Arrasaten herri barrutik ala Olandixoko tuneletik joango diren saihesbidera, Udana igoko duten, Gorla, ala Soraluzerako bidea hartuko duten ondoren kostalderantz joateko.
Kontua da Arabako hiriburuan hasiko duten etapa horretako kilometro gehienak Gipuzkoan egingo dituztela ziklistek. Hori zen 2023ko edizioak Euskal Herrian egingo dituen hiru egunetan argitzeko falta zena, bigarren etapa non jokatuko zuten. Hala, urtarrilaren 26ean Gasteizen egingo duten ekitaldian azalduko dute Tourrak Euskal Herrian egingo dituen hiru egunetan etapek zer nolako ezaugarriak izango dituzten, eta Tourreko zuzendari Christian Prudhomme izango da ekitaldian bertan.
Lehenengo etapa, Bilbo-Bilbo
Datorren urteko Frantziako Tourra Bizkaiko hiriburuan hasi eta amaituko dute, uztailaren 1ean egingo dute etapa hori eta jakinekoa zen hirugarren etapa Amorebietan hasiko dutela, eta Baionan amaitu. Erdikoa zehaztea falta zen, uztailaren 2koa, eta gaur jakinarazi dute Gasteiz eta Donostia artean jokatuko dutela etapa hori.