Mutrikun sortua, Eikan eta Lea Artibai ikastetxean egin du Leire Mugerzak Mondragon Unibertsitatean Ingeniaritza Mekanikoko ikasketak amaitu osteko ibilbide profesionala. Tartean, Eika Taldeko zuzendaritzan, kooperatiba horretako zein Eroskiko Kontseilu Errektoreko presidente karguan, zein 2012az geroztik, Mondragon Korporazioko Batzorde Iraunkorrean aritu da.
Bada, "ohore" gisa hartu du gaur Mondragon Korporazioko Kongresuko Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakia; Javier Guenetxeari erreleboa emanez, kooperatiben bilguneko Kongresuko zein Batzorde Iraunkorreko presidente izendatu dute Mugerza. Kargu horretan arituko den lehen emakumea da, gainera. Arlo ezberdinetako esperientziarekin "ekarpena" egiteko asmoarekin hartu du kargua.
Mondragoneko Kongresua
Korporazioko zuzendaritza den Kontseilu Orokorraren eta ordezkaritza instituzionaleko ardura duen Batzorde Iraunkorraren arteko deskargua egiten duen organoa da Kongresua. Taldeko kooperatiba guztiak ordezkatzen dituzten 650 konpromisariok osatzen dute, eta funtsezko gaiei buruzko oinarrizko politikak definitzen ditu; hots, korporazioaren jarraibide edo irizpide nagusiak zehazten ditu.
Mugerzak berak ere izan ditu hizpide bide orriok kargua hartu osteko lehen hitzetan, "nortasun kooperatiboan, ingurunearekiko konpromisoan, jardueren aniztasunean eta lehiakortasunean" oinarritutako proiektua "sendotzen" laguntzeko asmoa duela adieraziz.