"Norabide finkorik gabe, gai bakoitzean erritmo, ehundura eta giro anitzekin, baina azken gaiaren katarsira iritsi arte... Lehen lan honek lurralde ezezagunak esploratzen jarraitzeko gogoarekin uzten gaitu". Hala definitu du Mondosonoro musika aldizkari espezializatuak Hegazkin taldearen lana, eta Euskal Herriko 2021eko EP baloratuenen artean kokatu.
Izendapena "ohore handia" dela dio Alayn Carazo bergararrak, eta orain arteko ibilbidearen balorazio positiboa egin du: "Maiatzean kaleratu genuen gure lehen lana, Haize beltzak, Mukuru kolektiboaren babesarekin, Ander Barriusorekin Shot! estudioan grabatzen egon ostean. Ordutik, hamar kontzertu jotzeko aukera izan dugu Euskal Herriko hainbat lekutan. Bai diskoak eta bai kontzertuek izan duten harrerarekin oso pozik gaude. Jokin Guridi Gvridi artistak pare bat bideoklip egin dizkigu, Hondartza eta Lehergailua kantuenak, eta emaitza azpimarratzekoa da".
Kontzertuei begira
Alayn Carazo Iturriaga bergararrak –sintetizadoreak eta gitarra elektrikoa)–eta Iosu Isaias Villanueva Castro Isuo urretxuarrak –ahotsa– osatzen dute Hegazkin taldea.
Orain arte egindakoarekin "pozik", esploratzen jarraitzeko gogo asegabea dutenentzat ere izango da zer gozatu 2022an: "Asmoa kontzertu gehiago lotzea da, eta pixkanaka gauza berriak sortzen eta probatzen hastea. Aldi berean, Gvridi-ren bideoklip berriak helduko dira. Mukuru kolektiboaren webgunean jarraitu ahalko dira hemendik aurrerako lan guztiak".