Lau urte dira pentsiodunak astelehenero mobilizatzen hasi zirenetik, eta, Gabonetako etenaldiaren ostean, Debagoienean ere herrietako plazetara itzuli dira aldarrikapenekin asteon. Lau urte hauen balorazio "positiboa" egin du bailarako pentsiodunen mugimenduak, eta orain arte egindakoak "merezi izan duela" azpimarratu.
"2018. urtean hasi ginen, gure pentsioetan %0,25eko igoerarekin, eta 2019an erretiroa hartzeko asmoa zutenek bazekiten pentsioan murrizketa erantsia izango zutela. Pentsioen borroka etorkizuneko belaunaldietakoengatik ere bada. Badakigu pentsio publiko duinek berekin dakartzatela lan-baldintza duinak", azaldu dute.
Lortutakoarekin "harro"
Lau urteko aldarrikapenek fruituak eman dituztela azpimarratu dute, eta lorpen horietako hainbat zerrendatu: "2018an, oro har, pentsioak %1,7 igotzea; 2019an, %1,6; 2020an, %0,9; eta 2021ean, beste %0,9, %2,5era arteko atzerapenekin; gutxieneko pentsioak %3 izatea 2019an eta 2021ean". Emakumeen egoeran ere jarri nahi izan dute fokua, eta gogorarazi dute 1.000 eurotik beherako pentsio guztien %72,33 emakumeenak direla.
Bihar, hiriburuetan deialdia
Edozelan ere, beste hainbat gauza egiteke daudela zehaztu dute, eta aldarrikapenekin jarraituko dutela gaineratu. Hain zuzen ere, zapatuan, urtarrilak 15, Euskal Herriko pentsiodunen laugarren urteurrena ospatzeko manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal herriko lau hiriburuetan eta hainbat herritan. Deialdia gizarte osoari zabaldu nahi izan dio Arrasateko pentsiodunen mugimenduko kide Juanito Saizarrek: "Dei berezia egiten diegu pentsiodunei, langileei eta, oro har, gizarte osoari urtarrilaren 15aeko manifestazioetan parte hartzeko eta Euskal Herriko kaleak betetzeko. Gure presioa kalean mantendu behar dugu".
Debagoienetik autobusa
Debagoiendarrek Donostiako Alderdi Edertik abiatuko den mobilizazioarekin egingo dute bat, 12:00etan. Bertara joateko autobusa antolatu dute: 10:15ean abiatuko da, Arrasateko Ospitaleko autobus geltokitik, geldialdia egingo du ostean Elorregin, oñatiarrak batzeko, eta, azkenik, Bergaratik pasako dira. Inork joan nahi badu, 669 95 84 92 telefonora dei egin dezala.