1973an sortu zen MondragonLingua, herritarrei hizkuntza prestakuntza zerbitzuak eskaini asmoz, eta 1991az geroztik Cambridge Assessment Englishek eskaintzen dituen ingeles ziurtagiriak eskuratzeko prestatzen dituzte herritarrak. 30 urteko ibilbide honetan 5.000 pertsonak baino gehiagok lortu dute ingeles titulazioren bat, eta %85etik gorakoa da azterketak gainditzen dituzten ikasleen tasa.
Bada, ikasleei ikaskuntza-esperientzia ona eskaintzeko egin duten "ahalegina eta konpromisoa" aintzat hartuta, Mondragon Korporazioko enpresak urte guzti hauetan egindako lanari aitortza egin nahi izan dio ingelesezko ziurtagiriak garatzen eta ekoizten dituen Cambridgeko Unibertsitateko departamenduak.
Albiste "bikaina"
Jasotako errekonozimendua albiste "bikaina" dela adierazi du Joseba Bartolomek, MondragonLinguako komunikazio arduradunak. "Hasitako bidearekin jarraitzeko konfiantza" ematen duela esan du, "gure ikasleen helburuak betearaziko dituzten metodologia eta profesional berriak txertatzeari" bide emanez.