Tuteran izandako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte

Mirari Altube Arrese 2022ko urt. 12a, 08:02

Urtarrilaren 10ean aurkitu zuten hilda Tuteran, bere etxean, 38 urteko emakumea, eta atzo, haren senarra atxilotu zuten Bordeletik gertu. Indarkeria matxistaren eraginez 2022an Euskal Herrian hil duten lehen emakumea da, eta hori gaitzesteko elkarretaratzeak deitu dituzte Debagoieneko hainbat herritan. Gaur, eguaztena, egingo dute Aretxabaletan, Herriko Plazan (19:00) eta Bergaran, San Martin plazan (19:00); bihar eguena, berriz, Oñatiko Foruen plazan (19:00) eta Arrasateko Herriko Plazan (19:00).

Aretxabaletako Udalak Tuteran izandako erailketa matxista gaitzetsi gura du gaurko deitutako elkarretaratzean, eta haren senide eta hurbilenekoei babesa eta hurbiltasuna adierazi nahi die. Era berean, gogorarazi du Euskal Herrian 2003tik 113 emakume eta 11 adingabe hil dituela indarkeria matxistak. "Ez da ekintza bakar bat. Horregatik guztiagatik, Udalak adierazten du urtarrilaren 12an egingo den elkarretaratzean parte hartuko duela. Erasorik ez, erantzunik gabe!".

Bergarako Udalak ere Tuterako emakumearen erailketa matxista arbuiatu du eta biktimaren senitarteko eta adiskideei elkartasun osoa adierazi nahi die. Ildo horretatik, Bergaran egingo diren mobilizazioekin bat egin du eta Martxanterak taldeak deituta, gaur, asteazkena, 19:00etan San Martin plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.

Oñatiko Sare Feministak, Bargastak eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak ere deitu dute elkarretaratzea Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista leloarekin. Bihar, urtarrilak 13, izango da 19:00etan, Oñatiko Foruen plazan.

Bide beretik, Arrasateko Mugimendu Feministak ere, Arrasateko Bilgune Feministaren, Arrasateko Neska Gazteen eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren sinadurapean, elkarretaratzea deitu du eguenerako. "Erailketa matxista salatzeko eta autodefentsa feministaz armatuta gaudela adierazteko" helburuarekin, arratsaldeko 19:00etan bilduko dira, Herriko Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak