Bigarren zatian berdinduta, 2-2 egin du UDAk Urolaren aurka

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urt. 9a, 20:06

Ibarra futbol zelaian, etxean jokatu du UDAk Urola taldearen aurka. Euria eta hotza izan dira nagusi, hala ere harmailetan jende dezente batu da. Lehenengo zatian bi golengatik jarri dira aurretik aurkariak, bata bestearen segidan sartuta. Hala ere, bigarren zatian berdinketa lortu du UDAk, eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan dira aretxabaletarrak. –Bideoan, UDAk sartutako bigarren gola–.

2022ko lehenengo partidua izan du UDAk gaur arratsaldean, Ibarran. Partidua hasi, eta bi taldeen aukera gutxi batzuen ostean iritsi da, Urola taldearen lehenengo gola. Kontraerasoan, 31. minutuan sartu dute gola, eta hurrengo jokaldian, jarraian iritsi da bigarrena.

Bigarren zatian, aukera gehiago izan du etxeko taldeak, eta 72. minutuan sartu du gola Unanuek, atezainari baselina eginda. Partidua, 1-2 jarri da markagailuan, eta 80. minutuan Iagok buruz sartutako golari esker, partidua berdindu du. Hala, 2-2 amaitu da partidua.

"Ondo hasi dugu partidua, baina, berezia izan da. Kornerretik, estrategiazko jokaldi baten ondorioz gola sartu digute, eta bigarrena ere berehala sartu digute. Hala ere, buelta eman diogu partiduari eta berdinketaren bila, zein garaipenaren bila irten gara. Berdinketaz konformatu behar gara gaurkoan, baina egin dugun partidua ona izan da, nahiz eta minutu txar bat izan dugun. Kategoria honetan halakoak gertatzen dira… Gure asmoa, bolada txarrari aurre egitea zen eta hiru puntu lortzeak, baina ezin izan da horrela izan", adierazi du Unai Calzonek, UDAko entrenatzaileak.

Bergarak liderraren aurka, garaipena

Agorrosinen jokatu du Bergarak gaurko partidua, 12:00etan. Aurkari gogorra izan dute aurrean, izan ere, Oreretako Touring taldea liderra da sailkapenean. Hala ere, 3-0 irabazi du Bergarak Mikel Peñin, Andoni Najera eta Euken Azpeitia jokalariek sartutako golei esker.

Bergarak gol bat sartu ostean, ospakizun momentuan.

Aloña Mendik porrota, etxean

Aloña Mendik Allerru taldearen aurka 1-2 galdu du gaurko partidua. Partidua hasi aurretik Peitto Agirreren (jokalari ohia) eta Juan Angel Urzelairen (Gotzon Urzelai entrenatzailearen aita) alde minutu bateko isilunea gorde dute. Joan den eguazteneko garaipenaren ostean, oñatiarrak itxaropentsu atera dira zelaira beste hiru puntu eskuratzeko asmoz. Hala ere, Allerru taldekoak sendo agertu dira atzealdean, eta, gainera, partiduko hamahirugarren minutuan, korner baten ostean, 0 eta 1ekoa lortu dute aurkariek. Lehen zatian, hala ere, oñatiarrak nagusi izan dira, eta aukera batzuk sortu arren, ez dute asmatu azken errematean, eta atsedenaldira 0-1eko emaitzarekin iritsi dira.

Bigarren zatian, 51. minutuan, iritsi da Allerruren bigarren gola. Hortik aurrera Aloñakoak nahi eta ezin aritu dira. Partidaren amaieran, 82.minutuan Thiago Santanak, buruz, oñatiarren gola lortu du. Azken minutuetan zale eta jokalarien artean berdinketa lortzeko itxaropena bazegoen ere, bigarren gol hori ez da iritsi, eta, ondorioz, Aloñak ez du punturik eskuratu gaurko partiduan.

Mondrak puntu bakarra

Mondrak, berriz, etxetik kanpo jokatu du partidua, Ordizian. Bana egin dute hamaseigarren jardunaldian. Josu Duranak sartu du gola, baina, Cristian Levisen mutilek ezin izan dituzte hiru puntuak eskuratu etxetik kanpo jokatu duten partiduan.

Duranak gola sartu duen unea. Argazkia: Jesus Mari Erauskin

Leintz Arizmendik garaipena eta Bergarak berdinketa, emakumezkoetan

Emakumezkoen kategorian, berriz, Ohorezko Erregional mailan, Leintz Arizmendi taldeak etxetik kanpora jokatu du partidua. Urolaren aurka hain zuzen, eta 1-3 garaituta, hiru puntuekin bueltatu dira etxera. Hori horrela, 31 punturekin hirugarrena da sailkapenean, eta liderrarekiko –Eibar– zazpi puntu gutxiago ditu. Kategoria bereko Bergara taldeak, berriz, hutsean amaitu du Ostadar taldearen aurkako norgehiagoka. Kasu honetan, hamalau punturekin, hamargarren postuan daude bergararrak, sailkapeneko erdiko postuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak