Gabonetako kanpaina "makal samarra" izan denaren sentsazioa dute Oñatin galdetutako merkatari batzuek eta, hala, beherapen garaia gogotsu hartu dute. Gaur, erakusleihoak aldatzen aritu dira goizean, urteko sasoirik indartsuenetariko bat izan ohi denari merezitako ongi etorria emanez. Beherapenez gain, astelehenetik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren erosketa bonuak erabiliz, deskontu handiak lortu ahalko ditu bezeroak.
Halere, saltzaileak ez dira ausartzen aurreikuspenik egitera. "Beherapenak ez dira lehen zirenak. Orain, urtean zehar ere egoten dira bestelako beherapen kanpainak, izan outlet-ak, promozio kanpainak, likidazioak, azoka bereziak... Eta jendea ez da beherapenen zain egoten lehen izaten zen moduan", azaldu du Maibi dendako Argiloain Perosterenak.