Errege Magoak heldu dira Debagoienera

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko urt. 5a, 19:58

Desfilea egin dute Bergaran eta Aretxabaletan, baina ez dute geldialdirik egin. Arrasaten, aldiz, ohiko ibilbidearen ordez Herriko Plazan jaso dituzte haurren gutunak.

Osasun egoerak behartuta egokitu egin behar izan dituzte hasierako planak, baina hiru herrietan ospakizunarekin aurrera egiteko erabakia hartu dute.

Iaz bertan behera utzi ostean, aurten bisitarekin aurrera egitea erabaki dute Aretxabaletan. 18:30ean abiatu da desfilea Ibarra kiroldegitik. Abenduan Olentzero eta Mari Domingiren zein Bizar Zuriren desfileekin egin zuten moduan, ibilbide luzeagoa egin dute aurtengoan; ez dute geldialdirik egin, ezta gutunik jaso ere. Musika megafoniatik entzun da eta herritarrek faltan bota dituzte musika eskolako kideak.

Bergaran bisita birtuala egin zuten joan den urtean, baina aurtengoan aurrez aurre izan dira herriko kaleetan barrena. 19:00etan abiatu da udal biltegitik eta 20:00ak aldera amaitu dute. Aretxabaletan bezala ibilbidea luzatu egin dute, eta horrela, erdigunetik urrutiago gelditzen diren auzoguneetan ere etxe ondoan ikusi ahal izan dituzte erregeak. Tradizio handia dauka Errege bezperak Bergaran, eta, ezberdina izan bada ere, ikusmina sortu du aurtengoan ere. Ibilbide guztian zehar gerturatu dira bergararrak Errege Magoak ikusteko irrikaz.

Azkenik, Arrasaten, 19:00ak eta 20:00ak artean Herriko Plazan izan dira Errege Magoak eta herritar dezente hurbildu dira bertara. Aurreko urteko formula bera erabili dute; Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek eserita eta maskara jantzita egin diete harrera herriko haurrei. Neska-mutikoak banaka igo dira aukeratutako erregearengana, aurrez eskuak desinfektatu ostean. Errege Magoek gozokiak banatu dizkiete eta gutunak ere jaso dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak