Ligak normaltasunez hasiko dituzte asteburuan, baina normaltasun hori ez da erabatekoa. Esaterako, gaur Bergaran jokatzekoak ziren Gazte mailako Gabonetako txapelketa bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Kontrara, Aloña Mendik eta Aretxabaletak gaur bertan jokatuko dute 15. jardunaldiari dagozkion partiduak. Oñatiarrek etxean dute hitzordua (19:00) Oiartzunen kontra. Eta, Aretxabaletak Errenteriara egingo du bidaia (19:30) Touringen kontra jokatzera.
Hain zuzen, jardunaldi horren bueltan zintzilik geratu zen Mondraren eta Bergararen arteko derbia, eta abenduaren 31n jokatu zuten partiduak mahoneroak izan ziren hobeak (0-1).
Asteburura begira, berriz, hamaseigarren jardunaldian Aloña Mendik, Aretxabaletak eta Bergarak jokatuko dute etxean. Oñatiarrek Allerruren kontra neurtuko dituzte indarrak, Aretxabaletak Urola izango du aurrean, eta Bergarak Touring. Azkenik, Mondrak Ordizian jokatuko du. Emakumezkoen Ohorezko erregional mailan, berriz, bergararrek etxean jokatuko dute Ostadarren kontra, eta Urolaren zelaian jokatuko dute leintz Arizmendikoek –Gipuzkoako federazioak gaur zehaztuko ditu ordutegiak–.