Xanti Iparragirre hil da

Eneko Azkarate Laspiur 2022ko urt. 2a, 17:30
Xanti Iparragirre, 2006ko irudi baten. Argazkia: Berria

Xanti Iparragirre Perurena (Errenteria, 1934) hil da gaur, Eskoriatzan, bere baserrian. Euskaltzale, herrigintzan ekintzaile eta bertsolari zein bertsozalea. Leintzen, bertso-eskola sortzailea, Patxi Goikolearekin eta Joanito Akizurekin batera. Hain justu ere, bertsolaritza haur eta gazteengana hurbiltzeko egindako ahaleginean nabarmendu zen. Azken agurra urtarrilaren 4an egingo diote, 19:00etan Eskoriatzako elizan.

Errentariko Añarbe baserrian jaio zen. 1958an ezkondu eta Eskoriatzara joan zen bizitzera. Kooperatibetan aritu zen lanean. Urte luzez, Ipar Euskal Herrian bizi izan zen, 22 urtez, hain justu ere, errefuxiatu gisa. Marixol Iparragirre presoaren aita zen.

Almen ikastolako bertso eskola aitzindariak eman zituen hainbat bertsolariren –Jon Sarasua, Arantzazu Loidi…– lehen bertso irakasle izan zen. 1980ko hamarkadan indartu zen bertso-eskolen mugimenduaren eredu izan zen Iparragirrek-eta sortu zuten Almeneko esperientzia. Haren ikasle izan ziren, era berean, Jon Iñaki Izarzelaia, Danel Goikolea, Felix Iñurrategi, Saioa Arando, Ainhoa Agirreazaldegi... Iparraldean ere aritu zen bertso irakasle moduan. 

Xanti Iparragirre, 1980ko hamarkadan, Almeneko bertso eskolako hainbat ikaslerekin –tartean, Jon Sarasua eta Arantzazu Loidi– eta gaur egungo Eskoriatzako alkate eta orduko Almeneko irakasle Joserra Zubizarretarekin. (Argazkia: Argia)

Eskoriatzako Sorturen mezua

"Errepresaliatua, militante apal bezain nekaezina, ekarpen handia egin dio Euskal Herriari. Doluminik bihotzekoenak haren senide, lagun eta burkideei" adierazi du Eskoriatzako Sortuk.

Iparragirre, erdian, sariarekin, 1973an Arrasateko Amaia antzokian egin zen Deba Ibarreko bertsolari txapelketan. (Argazkia: Eskoriatzako Udala)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak