Musika bereizgarri hartuta, martxan da Huhezinema jaialdiaren 15. edizioa

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 2a, 12:03

Huhezinemaren 14. edizioko sari banaketako artxiboko irudia.

15. urtez, Mondragon Unibertsitateko Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasleek Huhezinema Euskal Film Laburren jaialdia antolatu dute. Jaialdia bera martxoaren 30etik apirilaren 1era egingo den arren, urtea amaitzearekin batera aurkeztu zituzten edizio berriaren oinarriak. Musika izango da aurtengo bereizgarria, eta ohiko sail ofizialaz zein MUko ikasleen sailaz harago, soinuaren erabilera eta bideoklip onena ere sarituko dira aurtengoan. Irekita dago izen-ematea.

2020an online formatuan eta 2021ean molde hibridoan aritu ostean, abenduaren 22an aurkeztu zen Huhezinema Euskal Film Laburren jaialdiaren 15. edizioa. Antolaketa lanetan aritzen diren Mondragon Unibertsitateko Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasleak "gogotsu" azaldu ziren edizio berri honen aurrean, jaialdia "egoeraren arabera" modu presentzialean, online edo formatu hibridoan egin beharko dutela jakitun diren arren.

Martxoaren 30etik apirilaren 1era egingo da aurtengo jaialdia, ondo bidean, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. Bereizgarri bat ere jarri nahi izan diote antolakuntzako kideek aurtengoari, eta "azken urteetako egoerak kulturan izan duen eragina" aintzat hartuta, 15. edizio hau musikan oinarritzea erabaki dute.

Hiru sail, hamahiru sari

Hiru sail izango ditu jaialdiak: sail ofíziala, MUko ikasleen saila, eta bideoklipen saila. Azken hau da, film laburretako doinu onenak saritzeaz gain, musikaren alde egindako apustuaren adierazle. Orotara, hamahiru sari banatuko dira; bost sail ofizialean, beste hainbeste unibertsitateko ikasleei zuzendutako sailean, eta hiru, aldiz, bideoklipenean. Ondoko estekan ikusi daitezke jaialdiaren oinarri eta sari guztiak.

Izen-ematea, irekita

Jaialdia aurkeztearekin batera, abenduaren 22an ireki zen izana emateko aukera. Film laburrak aurkezteko ezinbestekoa da antolatzaileek prestatutako galdetegia betetzea; otsailaren 18ra arte egongo da horretarako aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak