Urtarrilaren 8an, Bilbon beharrean, herriz herri

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko abe. 30a, 14:28

Sarek bertan behera utzi du presoen eskubideen alde urte hasieran Bizkaiko hiriburuan egin ohi duen mobilizazioa, pandemiaren egungo egoeragatik; han beharrean, bakoitza bere herrian mobilizatzera deitu ditu Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako herritarrak.

"Ez da erabaki erraza izan, bigarren urtea baita aldarri beraren gerizpean pertsona ugari biltzen dituen mobilizazio handi hau baztertzen dugula. Baina argi daukagu, bizitzen ari garen egoera honetan, non gero eta positibo gehiago baitaude eta gaixotasuna erraz kutsatzen baita, 80.000 eta 100.000 pertsona artean elkartzen dituen mobilizazio bat deitzea arduragabekeria dela, eta Sarek kosta ahala kosta saihestu nahi du hori", adierazi dute.

Hala ere, Sarek azaldu du ez dutela aldarrikatzeko dutena baztertu nahi:

  • "Batetik, data hau ikur bat delako euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenaren barruan.
  • Bestetik, nahiz eta azken urte hau garrantzitsua izan espetxe-politikan hainbeste espero genuen aldaketari dagokionez, euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudelako oraindik, eta gradu-progresioa blokeatuta dagoelako, eta, ondorioz, presoek ezin dutelako egin etxera itzultzeko prozesua.
  • Eta, azkenik, pandemia honek eragin zuzena duelako presoengan eta haien senideengan. Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, bereziki aurrez aurrekoak".

Gauzak horrela, urtarrilaren 8n "inoiz baino beharrezkoago" ikusten dute "aldarrikapena bizirik mantentzea eta Euskal Herriko herri guztietako kaleak betetzea, bidea egiten jarraitzeko: bizikidetzarako bidea, bakerako bidea, etxerako bidea".

Herrietan elkartzera dei egin du Sarek, 17:00etan: "Ordu horretan, ehunka mobilizazio egingo dira aldi berean, milaka pertsonaren parte-hartzearekin, betiere behar diren segurtasun-neurri guztiak beteta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak