Harrabotsa, abenduaren 31ko mobilizazioaren harira

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 28a, 17:22

Irailaren 18an Monterron parkean egindako elkarretaratzeko artxiboko irudi bat.

Sare sozialetan zein hainbat hedabidetan harrabotsa sortu du Arrasateko Sarek abenduaren 31rako deitu duen mobilizazioak. Covite, PSE-EE eta PP kexu azaldu dira, besteak beste Unai Parot omenduko dutela argudiatuz; Sarek, ordea, "inolako martxarik ezta preso bakar baten aldeko inolako omenaldirik" antolatu ez izana adierazi du ohar bidez, eta hileko zein urteko azken ostiraletan egiten den beste mobilizazio bat gehiago dela esan du.

Hileko azken ostiraletan zein urteko azken egubakoitzean egiten den mobilizazioa deitu du Arrasateko Sarek abenduaren 31rako. "Espetxe politikaren ondorioz euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legediaren aurka" mobilizatzea helburu, Euskal Herriko beste hamarnaka herritan deitutako mobilizazioetako bat da, "bat gehiago", beren hitzetan.

Bada, sare sozialetan zein hainbat hedabidetan harrabotsa sortu du mobilizazioak eta hura iragartzeko erabilitako kartelak. Covite, PSE-EE eta PP kexu azaldu dira, eta PPk urrats bat aurrerago jo du, fiskaltzari mobilizazioaren kontra jotzeko eskatuz; deialdiko afixetan Unai Paroten izena jartzea eta hura "omentzeko intentzioa" izan dira, antza, salaketaren arrazoiak.

Sareren erantzuna

Atsekabea adierazi du Sarek ohar bidez "bizitako nahasmenarengatik eta sortu ahal izan dugun minarengatik", baina argi mintzatu dira: "Gure azken urteetako ibilbideari erreparatuz, argi dago guk sekula ez dugula presorik omendu". Bide horretan, eta "sufrimendu erantsi hau inolako biktimari ez eragiteko asmoz", deialdian agertzen ziren herriko presoen eta errefuxiatuen izenak kendu zituen atzo arratsaldean bertan Arrasateko herritarren sareak.

Mobilizazioak, baina, bere horretan darrai, "salbuespen legedia amai dadila exijituz eta elkar ulertzea bermatuz". "Elkarbizitzaren eta bakearen alde" lanean jarraituko dutela adieraziz amaitu du Sarek oharra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak