Goizaldera gertatu da ezbeharra Eskoriatzako Zorautz baserriaren aurrean, Olazar auzoan. Ertzaintzak Goienari jakinarazi dionez, goizeko 6:20ak bueltan jaso dute bizilagunen abisua, eta suhiltzaileak bertaratu direnerako, bi edukiontzi eta kotxe bat ziren sutan. Bigarren ibilgailu bat ere erretzetik gertu izan da, baina suhiltzaileek su hartu aurretik itzali dituzte garrak. Kalte materialez harago, ez da kalte pertsonalik izan.
Segurtasun Sailak Goienari jakinarazi dionez, goizeko 6:30ak aurretik jaso dute Ertzaintzan abisua: Eskoriatzako Olazar auzoan, Zorautz baserriaren eta bertatik igarotzen den bidegorriaren aurrean, sua zegoen. Agenteak gerturatu direnerako bi edukiontzi eta alboan aparkatuta zegoen kotxea ziren sutan.
Suhiltzaileek itzali dituzte garrak, eta kiskali den ibilgailuaren ondoan zegoen bigarren autoa ez erretzea lortu dute; hala ere, kalteak izan ditu bigarren honek ere. Edukiontzi eta ibilgailuetatik harago, baina, ez da kalte pertsonalik izan. Gertatutakoa ikertzen ari dira agenteak uneotan.