Udanak eta Arlabanek itxita jarraituko dute

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko abe. 23a, 10:33

Udanako errepidea, hondatuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak martitzenean onartu zituen, urgentziaz, azken euriteek eragindako kalteak konpontzeko lanak. Lanotarako aurreikusitako denbora hiru hilabete eta erdi eta bost hilabete da, hurrenez hurren.

815.000 euroko aurrekontua izango dute, denera, Udanan eta Arlabanen, euriak eraginda, errepidean sortutako pitzaduren ostean, konponketak egin eta bidea berriz ere erabilgarri jartzeko lanek. 315.000 euro izango dira Udanarako, eta milioi erdi Arlabanerako. Udanako lanak egiteko hiru hilabete eta erdi eta Arlabanekoetarako bost beharko dituztela aurreikusi du Aldundiak. Hala jakinarazi dute martitzeneko Diputatuen Kontseiluaren ostean; urgentziazko izaeraz onartu dituzte lanok, eta horrek dakar, ohiko urratsik barik –lizitazioa...–, kontratu zuzenen bidez enkargatzea. Eta, horrelaxe, ahalik eta bizkorren hasiko dira; urtarrilean, Diputazioko iturriek adierazi dutenez.

Bolibarreko bidea

Eskoriatzan, Bolibar auzorako bide nagusia konpontzeko –ordezko bideetatik dabiltza auzotarrak– 100.000 euro onartu dituzte, eta lanek hiru hilabete irautea aurreikusi.

Kanpanzarren, bikoizketa

Kanpanzarrerako ere onartu ditu Aldundiak beste lan batzuk, 590.000 euroan, lau hilabeteko epearekin. Bestetik, hasi dira dagoeneko, Bizkaiko aldean, beste zati bateko erreietako bat bikoizteko lanak. 900 metro izango dira, lehen bikoiztutakotik gertu, mendateko zuzen nagusian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak