Hamarnaka herritar bildu dira gaur, abenduaren 22an, Arrasateko Anbulatorioaren aurrean. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute deialdia, "Osakidetzaren gainkarga eta utzikeria salatzea" helburu hartuta. Ohar bidez adierazi dutenez, egun "ez dago baliabide nahikorik" EAEko lehen mailako arretan, ezta errefortzu, kanpoan dauden langileen ordezkapen edo egindako ahaleginaren aitortzarik. "Langileek muga-mugan jarraitzen dute lanean", esan dute.
Sindikatuen hitzetan, Osakidetzak "beti ez" erantzuten die egiten dituzten eskaerei, "profesionalen ondoeza isilarazteko zein fisikoki, psikologikoki eta emozionalki gaixotu diren langileez abusatzeko". Ondorioz, herritarrei EAEko lehen mailako arreta zerbitzuaren "narriadura larria ezkutatzen" ahalegintzen dira.
Eskaera zuzena
Bide horretan, lehen mailako arreta sendo baten aldeko apustua egitea eskatu diete bertaratu diren herritarrek erakunde publikoei; "adabakiak jartzeari eta gure osasuna eta arretaren kalitatea hondatzen duten lan- eta antolaketa-gabeziei konponbideak ematea", alegia. Horretarako, beharrezkoak diren berregituraketa eta erreformak egitea eskatu diete, profesionalen egungo egoera hobetu asmoz.