Dohaintza bidez, jostailu-txekeak erosiz eta bilketa puntuetan jostailu berriak entregatuz egin ahal izan dute herritarrek ekarpena, Eguberrietan seme-alabei oparirik erosteko aukerarik ez duten familiei jostailu berri bat emateko ekarpena, alegia. Gurutze Gorriak bideratutako Jostailu-Hezitzailea kanpainak bailaran 245 jostailu biltzea jarri zuen helburu gisa.
Eta lortu dute. Prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, 251 jostailu bildu dituzte, eta 133 familiatako haurrei banatu zaizkie. Gurutze Gorriak emandako datuen arabera, bilketaren ondorioz 95 haurrek jaso dute jostailua Arrasaten, 58k Bergaran, 45ek Oñatin, 23k Eskoriatzan, 22k Aretxabaletan, 5ek Elgetan eta 3k, berriz, Antzuolan.
Esker ona
Debagoieneko Gurutze Gorriak esker ona eman die modu batera edo bestera kanpainan parte hartu duten herritar, enpresa eta erakunde guztiei. Besteak beste, Debagoieneko udalerrietako gizarte-zerbitzuak, Arrasateko Eroski Hipermerkatua eta eskualdeko enpresak aipatu dituzte prentsa oharrean. Azkenik, Gurutze Gorriko boluntarioei aipamen berezia egin nahi izan diete, "haien lanik gabe ezinezkoa" izango zitekeelako 251 haurrek jostailu berri bat izatea Gabonetan.