27 milioi euro Fagor Ederlanentzat, berrikuntza estrategiak garatzeko

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 22a, 09:20

Europako Inbertsio Bankuak 27 milioi euroko inbertsio plana onartu du Fagor Ederlanentzat, 2021 eta 2024 artean aurreikusitako berrikuntza estrategiak babesteko. I+G+B alorrari, eraldaketa digitalari eta prozesu zein produktuen jasangarritasunari bideratutako estrategiak garatzeko erabiliko du funtsa, eta "proiektu horiei abiadura eta berme handiagoarekin aurre egiteko aukera" emango diela adierazi dute enpresatik.

"Europako Inbertsio Bankuak Espainiako automobilgintzaren sektoreko berrikuntza babesten jarraitzen du, eta konpromiso sendoa dugu iraunkortasunean eta berrikuntzan oinarritutako susperraldi ekonomikoa lortzeko", adierazi du Ricardo Mourinho Felixek, EIBko lehendakariordeak. Fagor Ederlan automozioko osagaien kooperatibari berrikuntzan, eraldaketa digitalean eta jasangarritasunean oinarritutako estrategiak garatzeko 27 milioi euroko inbertsioa egiteko hitzarmena sinatu ostean egin zituen adierazpenok.

2021-2024 aldirako hiru estrategia zituen enpresa arrasatearrak bide orri gisa hartuta, "mugikortasunaren paradigma aldaketaren ondorioz automobilgintzaren industrian dauden erronka garrantzitsuei" erantzun ahal izateko. Elektrifikazioa eta prozesu eta teknologia efizienteagoak zein karbono aztarna txikiagokoak lortzeko berrikuntzak dira Fagorren lan ildo nagusiak, eraldaketa digitalarekin enpresaren lehiakortasuna bultzatzearekin batera. 

Eskertuta

Bada, Europatik jasotako laguntzak aipatutako hiru esparru horiei "abiadura eta berme handiagoarekin aurre egiteko aukera" emango diela iragarri du Fagor Ederlan Groupeko zuzendari nagusi den Juan Maria Palenciak. "Automobilgintzaren sektorea eraldaketa prozesuan dago, eta datozen lau urteak funtsezkoak izango dira horrek dakartzan erronkei aurre egiteko", adierazi du. Palenciaren hitzetan, berrikuntza eta digitalizazioa dira mugikortasun iraunkorrera aldatzeko "palanka nagusiak", eta "asko" eskertzen diote EBIri proiektuarekiko erakutsitako konfiantza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak