Errugbiaz gozatzeko goiza izan da gaurkoa Mojategin. Goizeko 11:00etan jokatu dute eguneko lehenengo norgehiagoka, Peyrehorade-Tartas-Chalose eta Biarritz-Hasparren taldeen arteko lehia. Partidu nagusia, baina, finala, 12:30ean hasi dute La Unica nafarrek eta Termas Bera Berak. Euskal Ligan ere bi talde horiek zein baino zein gehiago ibiltzen dira –urtarrilaren 14an elkarren kontra jokatu beharko dute ostera ere–, eta gaurko partiduan ez dute ezer gorde, bi taldeetako ordezkariak hustu egin dira Mojategiko berdegunean. Partiduko lehenengo minutuetan Bera Berak egin du min handiagoa, baina ez zuten lortzen punturik egitea, eta nafarrak esnatu direnean Bera Berakoen defentsa lerroa gainditzen hasi dira. Hala, markagailuak 19-0ekoa erakusten duen arren, indarrak parean egon dira.