Oñatiko bikote gazteak ez du finalean askorik gozatu. Padel kantxetan ordu dezente egin dituzten Patxi Vallejos eta Jorge Aranes izan dituzte aurrean, eta iazko txapeldunek pazientziarekin jardun dute gaur, eurek merituzko tantoak egin bai, baina kontrarioen akatsen zain ere egoten jakin dute. Eta halaxe irabazi dute 6-1, 6-1, nahiko erraz. Berez, final-erdietako norgehiagoka izan zuten estuagoa, hor bergararren arteko lehia izan zen, eta hura irabazita –ondo kostata, aitortu duten moduan–, gaurko finalean ez dira horren larri ibili, inondik inora.
Hala, azaroan hasi eta zenbait gorabehera izan dituen txapelketa iritsi da amaierara: "Guztira 35 bikotek hartu dute aurten esku eta oso pozik gaude kopuru horrekin. Padela goraka doa, eta geroago eta jende gehiagok aukeratzen duen kirol jarduera da. Pozik geratu gara. Hori bai, ikastaroetan ikusten dugu emakumezkoek ere izena ematen dutela, baina gero, txapelketara ez dira animatzen. Ea datorren urtean hor indar handiagoa egiten dugun", adierazi du AKEko ordezkari Fernando Okinak.