Hainbat faktore ari dira aztertzen adituak: autoen abiadura, trazadura, zorua, peralteak, seinaleztapena eta abar. "Azterketa oraindik ez dute bukatu, baina azken hamabost egunetan istripu gehiago izan direla ikusita, neurri batzuk hartzea erabaki du Aldundiak, azterketaren emaitzari itxaron barik".
Alde batetik, gehienezko abiadura murriztuko dute 34. eta 36. kilometroen artean. Gaur egun, gehienezko abiadura 70 kilometro ordukoa da eta 60 kilometro ordukoa izango da aurrerantzean. "Arazoa da gutxik errespetatzen dutela abiadura muga hori, eta azkarrago ibiltzen direla autoak, baina ea modu horretan polikiago ibiltzen diren".
Bestetik, kilometro horretan zoruari tratamendu berezi bat emango diote bi kilometro horietan, gurpilek asfaltoari hobeto eusteko (marruskadura handitzeko). "Horretarako makina berezi batzuk behar dira eta asmoa lehenbailehen egitea bazen ere, Gabonak direla eta, orain ezin dugu material hori ekarri. Beraz, urtarrilean emango zaio tratamendu berezi hori zoruari".