Emakumezkoen goi mailako errugbiaz gozatu ahal izango dute zaleek oraingo domekan, etxean bertan. Eurochallenge txapelketaren finala jokatuko dute Mojategin (12:00). Bertan bi partidu izango dira ikusgai: Lehenengoan, 11:00etan hasiko dutena, Peyrehorade-Tartas-Chalose eta Biarritz-Hasparren taldeak izango dira aurrez aurre hirugarren eta laugarren postuagatik borrokan. Goizeko bigarren partidua, berriz, Eurochallengeko finala izango da. Hor, 12:00etan hasita, La Unica eta Bera Bera izango dira zein baino zein gehiago.
Lau talderen arteko lehia
Aurtengo edizioan Emakumezkoen Euro Challengean lau talde izan dira aurrez aurre, Hegoaldeko bi eta Iparraldeko bi. Hegoaldetik, Bera-Bera, aurreko denboraldian Euskal Liga irabazi zuena, eta La Unica, Nafarroakoa; Iparraldetik, berriz, Peyrehorade-Tartas-Chalose eta Biarritz-Hasparren izan dira ordezkariak.
Azaroaren 7an eta 13an jokatu zituzten lehenengo norgehiagokak, eta, esan bezala, La Unicak eta Bera Berak eskuratu zuten finalerako txartela. Hala, txapelketa hasieran zehaztu zuten finala zelai "neutroan" jokatuko zutela, eta Mojategiko berdegunea izan da aukeratua. Euskadiko Rugby Federazioko presidentearen esanetan, aspaldidanik zeukaten torneo hau antolatzeko gogoa: "Mugak gaindituko zituen txapelketa antolatu nahi genuen, eta pandemiak eraginda bertan behera utzi behar izan genuen egitasmoa. Bada, txapelketa gehiago indartzeko gogoa eman zigun horrek, eta Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanak estutzeko lanean jarraituko dugu, bai gizonezkoen kategoriatan eta baita emakumezkoenean ere".