Aita Mennik hitzarmeneko soldata igoera egitea erabaki arren, ELAk aste honetako grebak mantendu ditu

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 13a, 18:24

Pasa den eguenean grebara deitu zituen ELA sindikatuak Aita Menniko 500 langile, azaroaren 29an enpresarekin izandako bileran "aurrekoetan proposatutakoa baino eduki okerragoak eskaintzea" argudiatuta. Gaur goizean 2022ko lan-hitzarmenean jasotako %4,3-ko soldata igoera egingo dietela jakinarazi die Aita Mennik langileei. ELAk, baina, "onartezintzat" jo du "enpresa-batzordea kontuan hartu gabe" hartutako erabakia, eta abenduaren 16, 17 eta 18ko mobilizazioak mantendu ditu.

Azaroaren 29an bildu ziren Aita Menniko zuzendaritza eta enpresa batzordea. ELAk pasa den eguenean egindako agerraldian adierazi zuenez, "aurrekoetan proposatutakoa baino eduki okerragoak" eskaini zizkien, eta abenduaren 16, 17 eta 18rako grebara deitu zituen 500 langile. "Urgentziazkoa da Aita Menniko langileon lan baldintzak hobetzea eta pazienteenganako atentzioa bermatzea", esan zuten.

Sindikatuaren arabera, "hiru urte baino gehiago" daramatzate enpresarekin negoziatzen, baina "langileen baldintzetan inbertitzeko dirurik ez dagoela diote". Bien bitartean "eraikin desberdin eta obretan 20 milioi euro inbertitu" izana leporatu zion zuzendaritzari. 

%4,3ko soldata igoera

Gaur goizean heldu da Aita Menniren erantzuna. Negoziazio mahaian adostasunera heldu ez zirela argudiatuta, "beste behin azalpenak ematera behartua izan da erakundea, irudi publikoa kaltetua izan ez dadin eta langile zein herritarrak nahastu ez daitezen", adierazi dute ohar bidez.

Negoziazio mahaira eramandako puntuak aipatu dituzte, bai eta hartu dituzten neurriak jakitera eman ere. Enpresa batzordeari "egoera ekonomiko eta sozialaren testuinguruan kokatu ez izana eta KPIa baino soldata igoera handiagoak eskatzea" leporatu diete, batzordeak emandako informazioa "faltsua" dela adierazteaz gain. Ordainetan, 2022ko lan-hitzarmenean jasotako %4,3-ko soldata igoera egingo dietela jakinarazi die Aita Mennik langileei.

Mobilizazioak bere horretan

Arratsaldean eman dio ELAk Aita Menniko zuzendaritzari erantzuna. "Greba eta mobilizazio dinamika guztiak eragin du enpresak edukiak mahai gainean jartzea", adierazi dute. Baina hala ere, "onartezintzat" jo du "enpresa batzordea kontuan hartu gabe" hartutako erabakia, proposatutako neurriak "datorren astean deitutako grebak desaktibatzea eta bere boterea denon gainetik jartzea" helburu duela iritzita.

Bide horretan, eguen, egubakoitz eta zapaturako deituta zituzten greba mobilizazioei eustea erabaki du ELAk. Enpresa batzordeak uztailean egindako kontraproposamenari erantzunik eman ez diola argudiatuta, "enpresaren jarrera atzerakoi eta antidemokratikoari erantzun kolektibo eta irmoa" ematea da mobilizazioen xedea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak