Oraingoz, jostailu bilketaren inguruko balorazio positiboa egin du Gurutze Gorriak; hala ere, oraindik jostailu gehiago behar dira egoera zaurgarrian dauden bailarako haurrei laguntzeko. "Gure helburua betetzen doa, eta jada behar ditugun jostailuen %75 batuta ditugu. Olentzero etortzeko, gainera, oraindik ere badago denbora, eta guztion ahaleginarekin %100 lortzea espero dugu", azaldu du Gurutze Gorriko kide Leire Ibarrondok. Hala, 5 , 10 edo 20 euroko bonuak lortzeko aukera dago –Oñatiko Elkar Heziko azokan, adibidez–, eta baita ere Elorregiko egoitzara jostailu berriak eramatekoa.
Azken bultzada
Azken ahalegina egiteko eskaera egin die Gurutze Gorriak debagoiendarrei. Izan ere, bailarako 244 haurrek Gabonetan jostailua izan dezaten oso gutxi falta da. "Jostailu berriak izan behar dira; gure bailarako haurrek ere eskubidea dute eta Olentzero datorrenean jostailu berri bat izateko".
Ibarrondok gaineratu du jostailu gutxi jaso badira ere, dirua jaso dutela, eta behar dituzten jostailuak erosiko dituztela, egunotan. Ondoren, Elorregin guztiak oparirako bildu eta egoera zaurgarrian dauden haur horien etxeetara gutuna bidaliko dute gurasoek Elorregin jaso dezaten euren seme-alabendako jostailua.
Ekarpen ekonomikorako aukera
Laboral kutxa: ES22 3035 0001 51 0010018156 (kontzeptua: jostailu solidarioak)