Alerta laranja euriagatik, zapatu goizera arte

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 10a, 14:00

Eguen eta egubakoitz goizaldeko euriteen ostean, Deba ibaiak eta hainbat errekek gainezka egin dute bailaran. Iragarpenen arabera gaur arratsaldera arte prezipitazioek etena izango duten arren, 17:00tik aurrera euri jasak espero dira berriz. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak indarrean zegoen alerta laranja luzatu du bihar goizeko 9:00ak arte.

Azken orduetako euri jasek etena izan dute gaur goizean. Iragarpenen arabera, baina, ez dute askorik iraungo. Izan ere, arratsaldeko 17:00tik aurrera euri zaparradak itzuliko dira, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak gaur eguerdiko 15:00ak bitarte iragarrita zegoen alerta laranja egoera luzatzea erabaki du. Zehazki, zapatu goizeko 9:00ak arte egongo da indarrean.

Ibaien egoera da uneotan kezka iturburu nagusia. Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, prezipitazio ertainak eta zenbait tokitan iraunkorrak espero dira, eta uholde arriskua bere horretan mantentzen da. Beraz, erreketatik aldentzeko, urak hartutako eremuak ez zeharkatzeko eta etxean ura sartuz gero beheko solairuak ekiditeko gomendioak eman dituzte, besteak beste.

Prezipitazioak, datutan

Lau estazio ditu bailaran Euskal Meteorologia Agentziak; Arrasaten, Oñatin, San Prudentzion eta Urkulun daude kokatuta, zehazki. Datu gisa, hona abenduaren 9 eta 10ean -14:00 bitarte- metro karratuko erregistratutako euri litro kopurua:

  • Arrasate: 86,9 l/m² (61,6 eguenean + 25,3 egubakoitzean)
  • Oñati: 84,1 l/m² (52,8 eguenean + 31,3 egubakoitzean)
  • San Prudentzio: 100,0 l/m² (65,1 eguenean + 34,9 egubakoitzean)
  • Urkulu: 73,7 l/m² (50,0 eguenean + 23,7 egubakoitzean)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak