Kirol taldeen sendotasuna ziklikoa izaten da, urte askotako lana behar da herriko jokalariz osatutako belaunaldi indartsu bat izateko, eta hau amaitzen denean lanean jarraitu behar da, hurrengoari paso emateko. Zeregin horretan dabil duela urte gutxi maila nazionaleko igoera fasea Iturripera ekarri zuen Mugarri Ingou –lehengo Ford Mugarri Arrasate–.
Fagor Industrialendako ere urteak berdin pasatzen dira, baina azken urteotan ez dute taldea maila berean berritu, eta esperientzia duten zenbait jokalarik taldean jarraitzen dute. Hala, alde horretatik, aspaldiko derbi desorekatuena jokatuko dute Mugarri Ingouk eta Fagor Industrialek bihar (16:00), nahiz eta horrek ez duen esan nahi partidua aurretik erabakita dagoenik, ezta gutxiago ere.