Puntu premia gabe daude Aretxabaleta (25 puntu) eta Mondra (21), orain artekoa txukun egin duten seinale. Bereziki aretxabaletarrak ibili dira aurrealdekoen borrokan sartuta, baina azken bi asteotan garaipenik lortu ez izanak eraman ditu laugarren posturaino. "Ez da arazoa guretako, aurreikuspenen barruan zegoen; izan ere, egutegira begiratuta bagenekien azaro amaiera eta abendu hasiera gogorra izan behar zirela. Joan den astean Zarautz taldearen kontra kanpoan berdindu izana ez da emaitza txarra, ezta gutxiago ere, eta lehenago Eibarren kontra galdu genuen. Bueno, normaltzat hartzen dugu hori ere. Eta,domekako partidua ere ez da erraza izango", adierazi du Unai Calzonek.
Arrasatekoak errebantxa gogoz egongo dira, martxoan jokatutako azken derbian –publiko gabe– arratsalde borobila izan zuen Julen Zaitegik lau gol egin zizkien, eta 5-0ekoa jasota itzuli ziren Arrasatera. Hain zuzen, Asier Olaizolaren azken partiduetako bat izan zen Mondrako entrenatzaile. "Ni bigarren taldean nengoen orduan, eta bai, halakoak ez dira atseginak, baina hobe da derbira lasai joatea; neurri gabeko motibazioak urduritasunak ekartzen ditu, eta ez dira bidelagun onak", dio Cristian Matiasek. Zorionez, zaleek harmailetan gozatu ahal izango dute derbiaz, beroki ona eramanez gero.
Entrenatzaileen esanak:
Domekako derbira begira GOIENA bi taldeetako entrenatzaileekin izan da. Zera adierazi du aretxabaletarrak: "Gu ondo gaude, eta ikusi ditudan Mondraren azken bi partiduetan arrasatearrek kontrarioek baino aukera gehiago egin dituzte, ikusiko dugu domekan zer moduzko partidua egiten dugun. Martxoko derbiak ez digu balio erreferentzia moduan; halako emaitzek poztasuna ematen dute, baina horraino. Iazko liga, gainera, ez zen erreala izan, beste gauza bat izan zen. Zorionez, domekan gure zaleen aurrean jokatu ahal izango dugu, eta izugarri eskertzen da hori".
Mondrako entrenatzailearen esanetan, motibazio larregirekin joatea ez da komenigarriena: "Nik ulertzen dut Arrasateko eta Aretxabaletako zaleendako halako derbiak politak direla, baina niretako hiru puntu daude jokoan. Halakoetan, larregiko urduritasun eta asaldurak ez dira onak izaten. Dinamika positiboan gaude baina azken bi partiduetan ez dugu irabazterik lortu. Allerruren kontra partidu ona egin genuen, baina gola falta izan zitzaigun. Jokalariz justu samar gabiltza, giro petral honekin katarroak... Baina esango nuke talde guztiak gaudela antzera".
Bergarak ere etxean jokatuko du, domekan
Maila berean, Eibarren 1-0 galdu aurretik bolada politean zetorren Bergarak ere etxean jokatuko du, domekan, Zarautzen kontra (12:00). Oñatiarrek, berriz, Zumarragan etekinen bat eskuratzeko asmoarekin egingo dute bidaia zapatuan (16:00).
Aste barruan, Leintz Arizmendik 0-2 irabazi du Bergaran
Emakumezkoen Ohorezko erregional mailan, eguraldi oso petralarekin jokatu behar izan zuten eguazten iluntzean Bergarak eta Leintz Arizmendik. Atzeratutako partiduan, arlo fisikoak eragina izan zuen; Leintz Arizmendikoak 0-2 nagusitu ziren. Zapatuan Bergarak ostera ere jokatuko du etxean, Eibarren kontra (16:00). Zumaiara joango dira Leintz Arizmendikoak (15:30)