Azaroko azken asteburutik euriak ez du etenik izan bailaran. Eta iragarpenen arabera, datozen egunetan ere ez du izango. Ez, behintzat, asteburua bitarte. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du datozen bi egunetarako; eguen goizeko 9:00tik egubakoitz arratsaldeko 15:00ak bitarte aktibatuko da, euri zaparradengatik.
Euskalmet-en arabera, prezipitazio ertaina eta iraunkorra egingo du, kostaldean sarriago eta ugariago barnealdean baino. Aurreikuspenek diotenez, zenbait lekutan 80 l/m² baino gehiago pilatu daitezke 24 orduan. Baliteke, gainera, eguen goizean zehar trumoi-ekaitzak eta txingorra ere botatzea. Ez da tenperatura aldaketarik izango, eta termometroak 2 eta 10 gradu bitartean mantenduko dira.
Hainbat abisu indarrean
Euriagatik ezarritakoa, baina, ez da egunotan aktibatuko den alerta egoera bakarra izango. Izan ere, kostaldean abisu horia ezarrita dago gaurtik eta egubakoitza bitarte haizeagatik zein itsasoaren egoeragatik. Horrez gain, uneotan elurragatik dago ezarrita arrisku egoera; iragarpenen arabera, 600-700 metrora arte jaitsiko da elur-kota, bihar arratsalderako 1.500 metro ingururaino igoko dela aurreikusten duten arren.