Pasa den astean egin zen Madrilen Marques de Vargasen Sommelier Errebelazio sariketa. Hiru izan ziren sommelier gazteen talentuari balioa eman, ostalaritzan profesional hauen jarduna bultzatu eta belaunaldi berrien etengabeko prestakuntza lagundu asmoz antolatutako txapelketa honen finalera heldu zirenak. Eta tartean zen Aitor Maiztegi bergararra.
Bi epaimahai ezberdinek baloratutako bi froga egin behar izan zituzten finalean. Lehenean, upategien alorrean ibilbide luzea duten adituen aurrean ardo-kartaren proposamena egin behar izan zuten maila teorikoan; bigarrenean, aldiz, ohorezko sommelierrek hautagaien zerbitzu eta arreta epaitu zituzten. Bi probetako emaitzak batuta, bergararraren maila tekniko altua eta trebetasuna baloratu zituzten epaimahaiko kideek, lehen edizio honen irabazle izendatuz.
Formakuntza sari
Maiztegik Espainiako, Frantziako eta Portugalgo ospe handiko upategietan formakuntza esklusiboak jasoko ditu sari gisa. Zehazki, Errioxako Marques de Vargas, Gaztelako Conde de San Cristobal, Galiziako Pazo de San Mauro, Champagne-Ardenneko Bollinger eta Aiala zein Portoko Graham's bisitatzeko eta haien jarduna gertutik ezagutzeko aukera izango du bergararrak.