UDAri gutxi iraun dio lidergoak, oraingoz

Xabier Urtzelai 2021ko abe. 3a, 16:48

UDAk sendotasun handia erakutsi du hamabi aste hauetan, baina Eibarren kontrako domekako porrotak (1-3) lehenengo postutik laugarrenera jaitsarazi du. Mondra lau puntura dago; asteburu honek datorren asteko derbian eragin dezake. Emakumezkoetan, Leintz Arizmendik gaur, egubakoitza, jokatuko du Mojategin (20:00) Tolosaren kontra.

Aretxabaleta (24 puntu) eta Mondra (20 puntu) aurrealdeko postuetara begira daude ligan. Hain zuzen, joan den asteburuan aretxabaletarrak lidergoan zeuden, besteak beste, ordura arte partidu bakarra zutelako galduta. Baina ligako beste oilarretako batek, Eibarrek, irabazi egin zien Ibarran (1-3), eta horrek ekarri du gain-gainean zituen Elgoibarrek (26), Touringek (24) eta Eibarrek berak (24) aurre hartzea. Lau talde horien artean dago orain momentuan lehia estua, eta bigarren taldetxo batean daude Hernani (21), Mondra (20) eta Zarautz (20), aurreko lau horiek noiz despistatuko zain.

Hala, Aretxabaletako entrenatzaile Unai Calzonek nabarmendu du astero-astero sailkapenean dagoen dantza: "Oraingo asteburuan bertan Elgoibarrek Hernaniren kontra jokatuko du, guk Zarautzera joan behar dugu... Hemen bi astean gauzak asko aldatzen dira". Hala, aretxabaletarrak Touring eta Eibar ikusten ditu bereziki indartsu, eta gainontzekoen artean ez du inor baztertzen: "Hernani talde ona da, Mondra ere badirudi indartsu dagoela... Baina ez horiek bakarrik, guk sarritan esaten dugu edonori irabazteko gauza garela, baina, kontrara, edozein partidutan despistatuz gero, korner bat gaizki defendatuz gero... Hemen, azkenaren kontra galtzeko ez da askorik behar".

Hain zuzen, Aretxabaletak Mondraren kontra jokatuko du abenduaren 12an, eta oraingo asteburuko emaitzek saltsa gehitu diezaiokete derbi horri: "Bihar Mondrak irabazi egiten badu eta guk Zarautzen galdu egiten badugu, ondoan egongo gara bi taldeak sailkapenean; derbirako saltsa gehiago. Eta halako partiduak gustukoak izaten ditugu".

Mondrak eta Aloñak etxean jokatuko dute; Bergarak kontrario gogorra izango du bihar

Hain zuzen, arrasatearrek etxean jokatuko dute bihar, Allerruren (12) kontra. Zuri-moreek orain arte partidu bakarra galdu dute Mojategin, indartsu daude etxean. Aloña Mendik (11) ere etxean jokatuko du domekan; oñatiarrak bolada txarrean murgilduta daude –lau porrot jarraian– eta Mutriku (16) hartuko dute. Bi partidu jarraian irabazita arnasa hartu duen Bergarak (14) izango du, baina, kontrario gogorrena; mahoneroek Eibarren kontra jokatuko dute, Unben.

Leintz Arizmendiko neskak, gola ospatzen.

Leintz Arizmendi, gaur, Mojategin

Joan den asteburuan Bergararen kontrako derbia bertan behera utzi behar izan zuten, koronabirus positibo batengatik, baina Leintz Arizmendiko neskak berdegunera bueltatuko dira gaur, egubakoitza (20:00). Etxekoek Tolosa izango dute aurrean, sailkapenean 12. postuan dagoen taldea. Tolosarrek bi norgehiagoka baino ez dituzte irabazi. Bergarako neskek, berriz, atsedena izango dute oraingo jardunaldian. Azkenik, joan den asteburuan koronabirus kasuengatik atzeratuta geratu zen Bergararen eta leintz Arizmendiren arteko derbia datorren eguaztenean jokatuko dute, hilak 8, Ipintzan (19:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak