Aurten ere Gurutze Gorriak kalteberatasun egoeran dauden umeentzako jostailu berriak jasotzeko erronka solidarioa jarri du abian. 0 eta 12 urte bitarteko haurren jolasteko eskubidea bermatzea helburu duen Jostailu-Hezitzailea kanpainaren baitan, beraien egoera ekonomikoa dela eta datozen Eguberrietan seme-alabei oparirik erosteko aukerarik ez duten familiei jostailu berri bat ematea da xedea.
Gurutze Gorriaren hitzetan, 2021 honetan 245 haurrentzako jostailuak "lortu behar dira" Debagoienean. Gainera, osasun-krisiak artatzen dituzten familien egoeran "eragiten jarraitzen duela" adierazi dute prentsa ohar bidez, eta ondorioz, erakundeak "inoiz baino gehiago" laguntzeko deia egin die herritarrei.
Hiru aukera
Lagundu nahi duten herritarrek hiru aukera izango dituzte beren ekarpenak egiteko. Alde batetik, kontu korrontearen bidez dohaintza egin daiteke, Laboral Kutxako ES22 3035 0001 51 0010018156 kontu zenbakira eta JOSTAILUA hitza kontzeptu gisa jarrita nahi den diru ekarpena eginda.
Bestetik, jostailu berriak biltzeko zein jostailu-txeke bidez ekarpenak egiteko bi gune ezarri ditu Gurutze Gorriak. Abenduaren 3an, 4an eta 11an Arrasateko Hiper Eroskiko sarreran egongo dira, eta hala nahi dutenek, beren jostailua Elorregin duten egoitzara eramateko aukera ere izango dute.