Pasa den ostiralean egin zuen Euskaltzaindiak Osoko bilkura Iruñeko udaletxean. Besteak beste, ohorezko euskaltzain eta euskaltzain urgazle berrien izendapena egin zen. Aho batez horrela erabakita, Jon Sarasua aretxabaletarra euskaltzain urgazle gisa izan zen hautatua beste 18 euskal herritarrekin batera; ohorezko euskaltzain, berriz, 26 kide izendatu zituzten.
Bertsolaria eta Mondragon Unibertsitateko HUEZIko fakultateko irakaslea, euskararen esperientziatik abiatuta munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen dituen Garabide Elkarteko zuzendaritzako kidea da. Hainbat saiakera ere idatziak ditu kazetari eta soziologo aretxabaletarrak.
Hamaikagarrena
Euskaltzaindiak esleitzen dituen hiru karguen artean, hamaikagarren debagoiendarra da Sarasua. Hona izendapenen araberako zerrenda, abizenen hurrenkera alfabetikoan:
- Euskaltzain osoak: Ana Toledo (Antzuola), Patxi Uribarren (Aramaio) eta Miriam Urkia (Aretxabaleta).
- Ohorezko euskaltzainak: Paulo Agirrebaltzategi (Oñati) eta Sabin Salaberri (Aramaio).
- Euskaltzain urgazleak: Iñaki Aldekoa (Oñati), Pruden Gartzia (Oñati), Eneko Oregi (Bergara), Patxi Salaberri (Aramaio), Jon Sarasua (Aretxabaleta) eta Jose Maria Velez de Mendizabal (Aramaio).