AP-1 errepidea moztu du Ernaik, prekarietatea salatzeko egindako protestan

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 1a, 15:14

AP-1 errepidean egindako protestaren une bat. (Argazkia: Ernai)

Segurtasun Sailak Goienari emandako informazioaren arabera, goizeko 10:30ak bueltan moztu dute AP-1 errepidea Ernai antolakundeko 30en bat gaztek, eta ordu erdi inguruz izan dira bertan. Prekarietatea salatzeko egindako protestak bi noranzkoetan moztu du autobidea, Eskoriatzako Agosibar errekaren gaineko zubiaren eta Isuskitzako tunelaren artean. Ez da atxiloturik izan, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du.

Ernai gazte antolakundeko 30en bat gaztek AP-1 errepidea moztu dute gaur goizean. Debagoiena eta Araba lotzen dituen Agosibar errekaren gaineko zubiaren eta Isuskitzako tunelaren artean kokatu dira, Eskoriatzako lurretan, eta bi noranzkoetan eragotzi dute ibilgailuen joan-etorria. Segurtasun Sailak Goienari jakinarazi dionez, goizeko 10:25ean jaso dute abisua, eta 11:00rako libre zegoen errepidea; ordu erdi inguruz egon da, beraz, moztuta autobidea.

Gazte antolakundeak Twitter bidez jakinarazi du "gure etengabeko prekarizazioa eta etorkizun eza salatzeko" egin dutela protesta, eta "gazteontzako bizitza duinak orain" izan da ekintzan erabili duten aldarria.

Ikerketa abian

Segurtasun Sailaren hitzetan, protesta egin den lekuan bertan ez da atxiloturik izan. Hala ere, Ertzaintzak ikerketa abiatu duela jakinarazi dio Goienari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak