Bihar, abenduaren lehenean, Altsasuko auziaren inguruko mahai-inguru bat egingo da Santa Ana Antzokian. Altsasu. Muntai polizialetik elkartasun uholdera izenpean, 2016ko urriaren 15 hartako goizaldetik gaurdaino kasuak izandako bilakaera izango dute aztergai auzipetuak eta kondenatuak izan ziren bi gaztek: Adur Ramirez de Aldak eta Jokin Unamunok.
Antolakuntza lanetan aritu diren herritarrek adierazi dutenez, auziaren alderdi juridikoa zein alderdi soziala landuko dira ordu eta erdiko iraupena izatea aurreikusten duten mahai-inguruan. Bide horretan, protagonisten bizipenak gertutik ezagutzeko beta izango dute herritarrek, lehen pertsonan prozesuaren gorabeherak ezagutzekoa, alegia.
Gonbidapenak, eskuragai
Pasa den astetik daude gonbidapenak eskuragai Oñatiko Arrano tabernan zein Bergarako Pol-Polen eta Arrasteko Irati Topalekuan. Horrez gain, eta aurrez guztiak agortzen ez badira, bihar bertan Santa Ana antzokiko sarreran ere egongo da gonbidapena eskuratu eta solasaldia bertatik bertara ikusteko aukera. Sarrerak doakoak dira.