Izaskun Arandia, Iratxe Fresneda eta Ane Pikazak osatu zuten epaimahaia eta sari nagusia ematea erabaki zuten "zinemagintzaren mekanismoa koherentzia osoz praktikan ipini duelako".
Film laburreko protagonistak Amancay Gaztañaga eta Joseba Usabiaga aktoreak dira, eta Silvia Rey izan da da gidoigilea; Maite Arroitajauregik –Mursego–, ostera, musika konposatu du. Limbus Filmakek ekoiztu du filma eta Donostiako CIC Nanogurean eta Zumarragako Antio Interpretazio Zentroan filmatu zuten iazko abenduan.
Ezusteko aurkikuntza bat da serendipia, nahi gabe edo kasualitatez egiten dena. Eta horixe da filmaren ardatza; konfinamenduaren egunetan punta-puntako euskal birologo bat koronabirusaren txertoaren ikerkuntzan murgilduko da laborategi batean.
Abenduaren 4an, Durangoko Azokan
Durangoko Azokan ikusi ahal izango da Serendipia film laburra. Abenduaren 4an, zapatua, 13:00etan, aurkeztuko du del Campo zuzendariak berak Irudienean.